Zer da
ELIKART proiektua Nafarroako Foru Komunitatean elikagaien arloko egitura sozialaren kartografia da. ELIKARTen esanahia honako hau da: elika (elikatzearekin zer ikusia duen euskal hitza) eta kart, grezieraz χαρτις mapa adierazten duena. Hazi Aroa ikerketa taldeak eginiko mapa da.
2016an Precalimentadas y alimentramados. Tejidos de solidaridad frente a la pobreza alimentaria en Pamplona y su comarca ikerlanarekin irekitako bideari jarraipena eman diogu. Orduan, Iruñerrian aurkitutako zaurgarritasun sozialeko arazoak, elikadura-prekarizazio prozesuak eta alternatiba agroekologikoak jaso genituen. Lan horretan egiaztatu genuen gure bazterretan ekoizpenaren eta elikagaien bilketa eta/edo banaketaren esparruan dagoen ekimen herritar eta sozialen kopuru adierazgarria, baita elikadura burujabetzaren defentsan ari direnena ere: elikagaien banaketa solidarioan ari diren sare informaletatik hasi eta hiri-baratze emankor eta autokudeatuetaraino. Aipaturiko lanaren ondorioekin egindako gogoetak eraman gintuen bilketa etnografikoaren datuen beharra balioestera eta Nafarroa osoko ekimenen mapa dinamikoa elkarreragilea den web formatuan biltzera; hau da, ELIKART sortzera.
Kontaktu Irizpideak
Mapa birtual hau Nafarroan elikagaien arloko egitura sozialaren mugimendua osatzen duten ekimen eta sareetara lehenengo hurbilketa bat da, eta sailkapena egiteko erabilitako kategoriak hauek izan dira:
- Ekoizle agroekologikoak
- Kontsumo taldeak
- Hiri-baratze agroekologikoak
- Jangela sozialak
- Elikadura burujabetzaren arloa lantzen duten GKEk
- Kolektiboak
- Beste entitate batzuk:
sindikatuak, elkarteak, fundazioak, arlo honetan lan egiten duten erakunde publikoak...
Zenbait kontzeptu
Selikadura burujabetza
Elikadura Burujabetza herriek zer elikagai, zenbat eta nola ekoiztu nahi duten erabakitzeko daukaten eskubidea da, baita nola banatu eta kontsumitu ere.
Elikadura Burujabetzaren kontzeptu eta paradigma, 1996tik aurrera Nekazarien Bideak eratu eta zabaldu zuen, bere ardatzetako bat nekazaritza iraunkorraren eta agroekologikoaren apustua izanik, nekazaritzako eredu produktibistaren ondorioak zuzentzen eta naturarekiko erlazioak eraldatzen saiatuz.
Agroekologia
Agroekologiaz hitz egiterakoan nekazaritza-sistemaren modernizazioaren aurrean erantzun kritiko eta aktiboa izateaz ari gara eta agroindustriaren ondorio sozial, kultural eta ekologiko ezin okerragoez gogoeta egiteaz. Agroekologiak nekazaritza komunitate tradizionalek kudeatzen zituzten ekosistemen eta natura eta jendartearen artean gertatzen ziren interakzioen gainean pilatutako jakintzak berraurkitzea ekartzen du, eta zentzu horretan garai bakoitzeko ezaguerak, aurrerapen zientifiko eta teknologikoak, ekosistema bakoitzeko biodibertsitatearen babeserako baldintza aldekoagoak moldatzen ditu. Baliabide naturalen erabilera ekologikotzat jo dezakegu, elkarlanaren eta ekintza sozialen bitartez eta ekoizpenaren eremuetan eta elikagaien zirkulazioan parte-hartzaile eta demokratikoa izango den kontrol sistemaren bidez, gaurko modernotasunaren krisiari alternatibak aurkezten ditu.
Nekazaritza iraunkorra
Ekonomikoki bideragarri den nekazaritza hura da, sozialki zuzena eta ingurumenarekin begirunetsua, garapen lokala bultzatuz eta txirotutako herrietaranzko esportazio antisozial eta suntsigarriak diren politiken aurka doana.
Mugimendu soziala
Erakundeak edo pertsona-elkarteak eratutako ekintza kolektiboko modua da, kudeaketa politikoan parte hartu eta eragiteko helburua izanik, eta horrela eraldaketa politiko-sozialak sortzen dira.